Urteroko ekitaldiak
Igartubeiti Baserri Museoak antolatutako ekitaldi batzuk urtero errepikatzen ditugu.
Urtero honako hauek egiten ditugu:
Baserri eguna
Egun honek Euskal Herriko baserritar guztiak omentzea du helburu. Jai egun hau ekitaldi solidarioa da, bildutako dirua Gobernuz Kanpoko Erakunde baten alde izaten baita.

Barrikotea eta Martxoan Bertsoa
Urrian, sagardo astean egindako sagardoaren dastaketa festa da barrikotea, “Martxoan Bertsoa” lehiaketan parte hartzen duten bertsolariek eta trikitilariek giroa alaituz.

Musika kontzertua
Zumarragako Antioko Musikaldiaren lankidetzarekin, Igartubeitiko dolarean urriko lehen larunbatean musika kontzertua antolatzen dugu.

Sagardo astea
Igartubeiti baserri museoak sagardo astea ospatzen du urtero, urrian, bertako dolarea martxan ipiniz eta sagardoa egiteko orain dela 500 urte erabiltzen zen teknika erabiliz. XVI. mendeko baserritarren ohiko prozedura jarraituz, habe luzeko dolarea lanean ikusteko aukera paregabea, jendeari jarduera haren berri zuzenean eta zehatz-mehatz eskainiz.
Zurezko egitura hau indarrez bihurritzea, sagarraren usaina eta lehen muztioaren lurruna, aspaldiko lan baten lekuko izatea…. jardun honetan dena da zirraragarri. Astean zehar sagar zanpaketak izaten dira goiz eta arratsaldez, ikastetxe, elkarte eta euskaltegietara zuzenduak. Asteburuan berriz, ekitaldia zabalagoa izaten da eta sagar zanpaketez gain, kirikoketa, antzespenak, bertsolariak, txalapartariak izaten dira.
Ezkio-Itsasoko eta Yartu elkarteko kide diren bost bizilagunek, XVII. mende hasieran baserrian bizi izandako Kortabarria familia antzezten dute. Bisitariak elikadura, sagardogintza, ohe- jantzi eta ehun, altzari konponketa, lanabes eta egur egitura, ereitea, baratzeko produktuei eta abarrei buruzko arloetaz jabetzen dira.
Arizkungo Jo ala Jo taldeak sagarrak kirikoketa erritmoan zanpatzen dituzte. Kirikoketa, pisoiekin, sagarra txikitzeko mazoekin egiten den txalapartaren aldaera da. Antzina dolare baserrietan ohikoa zen ohitura hau, Igartubeiti Baserri Museoan gogora ekartzen da, usadio zaharrak berreskuratu eta ikertzen dituen kultur elkarte honen eskutik.
Ezkio-Itsason bildutako sagar bariedadeak ikusgai izaten dira sagar astearen baitan: argentina sagarra, pinoi, errege gaxie, txori sagarra, mendeun sagarra,madari sagarra eta limoi sagarra, besteak beste.
Sagardo Astea Argazki Digital Lehiaketa ere antolatzen dugu.







